Red Solidaria de Vitoria-Gasteiz
berria Bilbon etxebizitza eskuratzeko etorkinek dituzten zailtasunei buruz txostena egin du SOS Arrazakeriak. Lan gaitza dute etorkinek.Gaztea eta kanpotarra. Etxebizitza aurkitzeko lan zaila dute bi ezaugarri horiek betetzen dituztenek Bilbon. Gaztea izateagatik arazo gutxi ez, eta etorkina izateagatik oztopo gehiago izaten dituzte. Azken urteetan uste horretan ziren SOS Arrazakeriako kideak, eta horiek baieztatu dituen ikerketa egin dute: Bilbon egiten den diskriminazioa etxebizitzarako sarbidean. Herenegun aurkeztu zuten txostena, Immigrazioa eta diskriminazioa etxebizitza arloan izeneko jardunaldietan.
Etorkin bat eta bertoko bat bidali dituzte alokatzeko eskaintzan dauden etxebizitzen jabeengana eta higiezinen agentzietara, etxe bila dabiltzala-eta galdezka. Erantzun guztiz desberdinak jaso dituzte. Etorkinentzat etxebizitza gutxiago eskaintzen dituzte, edo bat ere ez; bertokoentzat, berriz, badituzte eskaintzak. Baldintza gogorragoak ezartzen dizkiete, gainera, etorkinei. Diego Jauregi SOS Arrazakeriako kideak (Bilbo, 1972) eman ditu egoera horren nondik norakoak.
Bilbora datozen etorkinek zein bitartekorekin jotzen dute etxebizitza bila?
Oro har, gainerako jendeak bilatzen duen bezala: Interneteko eta egunkarietako iragarkien bidez, eta supermerkatuetan, lokutorioetan eta gisa horretako lekuetan daudenen bidez. Baita · ahoz ahokoaren bidez ere, ezagunek eta esanda.
Badago laguntzarik etorkinek etxebizitza lortzea errazten duenik?
Ez. Hori guztia engainu hutsa da. Ez dago inolako laguntza berezirik etorkinentzat, ezta bat bakarrik ere. Nahiz eta badagoen vox populi bat, etorkinei ez zaie ematen inolako puntu gehiagorik etxebizitzen zozketetan eta horrelakoetan. Areago, eskubide gehiago ez, baizik eta gutxiago dituzte.
Laguntzarik gabe, nola egiten dio aurre iritsi berri den eta baliabiderik ez duen etorkinak?
Etorri eta aldi luze batean ezin izaten dute euren egoera erregularizatu. Ez buru ez hanka ez duen Etorkinen Legeak ez die uzten hori egiten. Ahal dutena egiten dute, ezkutuko ekonomian eta, logelak ordaintzeko.
Etxebizitza lortzeko zailtasunak dituzte bertako gazteek ere. Etorkinek zein zailtasun gehiago dituzte?
Eskaintza askoz txikiagoa da. Alokairuan dauden etxebizitzen jabeek ezetz esaten diete, soilik etorkinak izateagatik. Beste batzuetan, berriz, bertokoei ezartzen zaizkien baino baldintza gogorragoak ezartzen dizkiete. Egin dugun ikerketan argi geratu da: adin, lanpostu, janzkera eta egoera bereko etorkin bat eta bertoko bat aurkeztu etxe bila, eta batari eta besteari gauza guztiz desberdinak esaten dizkiote. Etorkina joan, eta esaten diote ez daukatela etxebizitzarik eskaintzan; bertokoa joan, eta orduan badauzkate etxebizitzak. Azken urteotan gertatzen ari den hori agerian uzteko egin dugu aurkeztu dugun ikerketa.
Zailtasun horiekin guztiekin, zer-nolako etxeetan amaitzen dute etorkinek?
Orokorrean, etxebizitzari berari eta haietan bizi den lagun kopuruari dagokienez, biztanle gehienen antzekoetan. Beste kontu bat da gehiago kostatzen zaiela aurkitzea. Etorkinak ez dira bizi patera deritzen etxebizitza horietan, ez dira 36 lagun bizi etxe berean. Hori ez da egia. Badaude horrelako kasuak, baina kasu anekdotikoak dira.
Beraz, etorkinen etxeei buruzko uste oker asko dago gizartean, kasu bakanak hartu eta orokorkeriak egiten direlako?
Noski. Adibidez, San Frantzisko auzoan (Bilbo), sei lagunetik gora bizi diren etxebizitzak oso gutxi dira. Gainera, etxe berean sei lagun erroldatuta ageri diren etxe gehienak elkarteenak dira. Ez da egia etorkinak pilatuta bizi direla. Kontua da pertsona horiek azaleko kolore jakin bat dutela. Bost lagun bizi, eta igandeetan bi lagun etortzen badira bisitan, segituan esaten da etxe hori patera dela. Horrek alarmismo izugarria eragiten du, eta etorkinenganako gizarte bazterkeria indartu.
Somos un conjunto de personas y colectivos, que vivimos en Vitoria-Gasteiz, y nos organizamos para actuar contra los efectos de la llamada Directiva Comunitaria de Retorno, popularmente conocida como "directiva de la verguenza".
Añade un comentario