Berria n ikusita Atzerritarren eta Asiloaren legeak berritzen ari da Espainiako Gobernua, eta baldintzak gogortuko direla uste dute herri eragileek Etorkinak kanporatzea erraztu eta familiak batzea zailago egingo luke egitasmo berriak«Europa blindatzen ari da; Europa horma; Europa gotorlekua; Europak uko egin die usadiozkoak izan dituen harrera, babeste eta elkartasun oinarriei». CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeko Javier Galparsoro oso kritikoa da Espainiako Gobernuak esku artean dituen bi lege erreformekin: atzerritarren eta asiloaren legeei dagokienekin. Uste du ez dela kasualitate hutsa «migrazioari buruzko bi gai nagusiak» aldi berean berritzen hastea: «Bat egiten du ekonomiaren egoerarekin».

Gutxi edo gehiago, atzerritarrekin lan egiten duten taldeetako kideak bat datoz Galparsororen azterketarekin. «Asmoa da kanpotik inor ez sartzea, edo oso jende gutxi, behintzat», SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagak dioenez. Harresiak Apurtuz-eko partaide da Susana Cuesta, eta hark ere ikusten du ateak ixten ari direla: «Ez hori bakarrik, badago jendea botatzeko borondatea». Unzurrunzagak eta Cuestak uste dute atzeraldi ekonomikoak eragina izan duela erreformetan. Horrela, Atzerritarren Lege erreforma «atzerapausoa» izango dela nabarmendu dute.

Atzerritarren Legea aldatzea beharrezkoa dela uste du Cuestak: «Baina lehendik onartuta zeuden eskubideetatik abiatu behar zen, eta ez horietan atzerapausoak emanez». Europako Batasunak onartutako zuzentarauak txertatu behar zitzaizkion Atzerritarren Legeari; Espainiako Auzitegi Konstituzionalak azken urteetan ateratako zenbait sententzia ere gehitu behar zitzaizkion. Sententzia horietan zenbait eskubide onartzen zaizkie, batez ere, egoera araugabean dauden pertsonei, Unzurrunzagak dioenez -adierazpen askatasuna, sindikatuetan parte hartzea eta huelga egitea, esate baterako-. SOS Arrazakeriako kideak salatu du «eskubide horiek aitortzea ez dela Gobernuaren meritua, haien lotsa baizik. Auzitegi Konstituzionalak behartu ditu horiek onartzera».

Behin-behineko bizitzeko baimenak dituztenei ere eragingo die lege egitasmoak. Erreformak sailkatu egiten ditu atzerritarrak. Aurreko sailkapenaren arabera, egoera araugabean zeuden batzuk, eta beste batzuk lan egiteko edo bizitzeko baimenak zituzten. Sailkapen berrian, talde batean daude behin-behineko bizitzeko edo lan egiteko baimenak dituztenak, eta beste talde batean behin betiko baimenak dituztenak -bost urte baino gehiago bertan bizitzen daramatenak-. Behin-behineko baimenak dituztenek eskubide batzuk galduko dituzte, adibidez, etxebizitzetarako zerrendatan izena ematekoa.

Familia batzea, «ezinezkoa»

Beste murrizketarik ere ikusten du Unzurrunzagak. Egitasmoak proposatzen dituen baldintza berriekin, familia batzea «ezinezkoa» izango dela, esaterako. Eskaria egingo duenak bizitzeko baimen iraunkorra izan beharko du, eta atzerritik ekarri nahi duen pertsonak 65 urte baino gutxiago. Horrez gain, eskatzaileak argudiatu egin beharko du arrazoiak daudela pertsona hori atzerritik etortzeko. «Hori da sistema bat kontsulatuek erabiltzen dutena bisak ukatzeko», Unzurrunzagaren hitzetan. Adingabeak kanporatzeko bideak erraztu nahi dituztela ere ohartarazi du. Horrek urratu egingo lituzke adingabeak babesten dituzten legeak, SOS Arrazakeriako kidearen ustez, eta aldaketa onartzeko «zailtasun asko» egongo direla uste du.

Migratzaileak jatorrizko herrietara itzultzeko Espainiako Gobernua egiten ari den ahalegina gehitu behar zaio horri guztiari, Cuestaren iritziz; baita polizien «atxiloketa arbitrarioak» ere. Lege egitasmoak soilik ez, politika «murriztaileago» bateranzko joera ikusten du: «Gero eta legedi zorrotzagoak dauzkagu, adibidez, erroldatzearekin». Erroldatzea da osasun zerbitzuak jasotzeko bide bakarra. Lege egitasmoak «iruzurrezko erroldatzeak» zigortzeko bidea zehazten du; baina badago berezko legedi bat kasu horietarako, eta Cuestak ezin du ulertu zergatik Atzerritarren Legeak zehaztu behar duen legeetan dagoeneko zehazturik dagoena: «Ez luke zigortzailea izan behar Atzerritarren Legeak; arautu behar lituzke eskubideak eta betebeharrak».

Asiloaren bide «itogarria»

Azken buruan, Europako gobernuek atzerritarren immigrazio selektiboa sustatu nahi dute, Cuestaren eta Unzurrunzagaren ustez; gobernuen beharretatik aparteko migrazioari trabak jarri, ordea. Legedi berezia ezartzen zaie, eta «horrek dakar atzerritarrak lotzea legez kanpokotasunarekin, segurtasun ezarekin, arau hausteekin…», Cuestaren ustez. Egitasmoak proposatzen du, besteak beste, egoera araugabean atzemandako pertsonak 60 egunez eduki ahal izatea atxikitze zentroetan -orain arte, gehienez, 40 egunekoa zen epea-.

Asiloaren Lege egitasmoak «ez du erantzunik izan; ez du Atzerritarren Legearen ospea», Javier Galparsorok dioenez. ACNURek, Amnesty Internationalek eta CEARek, ordea, «oso jarrera kritikoarekin» erantzun diote Espainiako Gobernuari. Galparsorok harrigarri deritzo Gobernuak kasurik ez egitea ACNUR eta CEAR erakundeei. Informazioa ezkutatu dietela gaitzetsi du, eta aldaketak «oso kezkagarriak» direla ohartarazi.

Besteak beste, «herrialde seguruen» zerrenda bat zehaztu nahi du egitasmoak, Galparsororen esanetan: «Suposatzen da herrialde horietan ez dela posible jazarkunderik eta, beraz, handik datorren inork ezin du asiloa eskatu». Zerrenda luzea du Galparsorok: enbaxada eta kontsulatuetan ezingo da asiloa eskatu; Europako Batasuneko herritarrek ere ezingo diote Espainiari babes eskaera egin; jazarkunde era berriak, genero kontuengatik gertatzen direnak, adibidez, ez daude behar bezala jasota…
Iaz 4.516 asilo eskaera jaso zituen Espainiak; 151 onartu zituen. Iragazkia estua bada ere, Legeari egindako erreformekin, «asilo eskaerei iragazkiak jartzen ari dira» Galparsororen ustez: «Europako asilo sistema oso bide itogarria hartzen ari da».
238.365
Europari iaz egin zizkioten asilo eskaerak. Europako Batasuneko 27 estatuei 238.365 asilo eskaera egin zizkieten iaz. Frantziak jaso zituen eskari gehien -41.845-; Alemaniari 26.945 eskaera egin zizkioten; Suediari 24.875 eta Erresuma Batuari 30.545.
Abokatu, fiskal eta epaileek zuzenketak proposatu dituzte
Atzerritarren Lege erreformari hainbat ohar egin dizkiete Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Abokatuen Kontseilu Nagusiak eta Fiskalen Kontseiluak. Adingabeak kanporatzeak, familiak batzeko ezintasunak, eta atzerritarrei laguntzearen aurkako artikuluek sortu dute eztabaida gehien.