Red Solidaria de Vitoria-Gasteiz
Beñi Agirre.- Euskara irakaslea Zergatik dabiltza, temati, gure identitatez galdetzean ea euskaldunago sentitzen garen espainiarrak baino ala alderantziz jakin nahian? Akaso pertsona batek bi, hiru… identitate izan ditzake ala? Ala agiri eta formularioetan nazionalitatea eskatzen duen laukitxoan derrigorrez jartzen dena eta sentimendu librea nahastu nahi dituzte? Pertsona batek nazionalitate bikoitza izan dezake: Kubakoa eta Espainiakoa izan daiteke; Frantziakoa eta Argeliakoa edota; Portugalekoa, Espainiakoa, Frantziakoa… edota nazionalitate denak batera ere izan ditzake…
Guztia, paperezko agiri administratiboak lortzeko interesaren arabera izango baita. Ejertzitoan praktikak eginez, bertako batekin ezkonduz, futbolean jokatuz, bertan lan legala eginez…, modu askotan lor daiteke nazionalitate bikoitz hori. Behin agiri horiek lortuta Estatu horien legeak gutxi gorabehera bete eta kito, hori da dena.
Identitatea, ordea, beste gauza bat da. Norberaren identitatea ez da administrazioko paperen bidez lortzen. Identitatea jatorriarekin dago lotua, kulturarekin eta, batez ere, norberaren bizi-proiektuarekin. Horregatik, identitate bikoitza edo hirukoitza izatea ez da gauza naturala, natural ez den bezala pertsonak bi, hiru edo lau bizi-proiektu izatea. Esaterako, Euskal Herrian jaio eta bizi dena, euskaldun eta nafarra sentitzea da normalena. Euskaldun bati Argentinan edo frantses bati Australian ez dio aparteko eragozpenik sortuko Argentinan bizi den euskalduna dela, ala bestela, arbaso euskaldunak zituela bai, baina bera argentinarra dela esatea, bizitza non eman nahi duenaren arabera. Gauza bera Australiako frantsesaren kasuan. Horietan argi dago NANaren arabera aipatzen den nazionalitatea eta identitatea ez dela gauza bera.
Hortaz, zergatik tematzen dira batzuk ea gu euskaldunak soilik, nafarrak soilik, frantses-euskaldun, espainiar eta nafar edota bestela, nafarragoak espainiarrak baino edo alderantziz sentitzen garen jakin nahian? Galdera, zalantzarik gabe, maltzurra da. Pertsona berak identitate bi, hiru edo gehiago izan ditzake ala? Normalean ez, identitate bakarrekoak edo bizi-proiektu jakin batekoak gara gizakiok, burua bere lekuan dugunok bai behintzat. Mundu globalizatuan alde batetik bestera bidaiatzen bizi diren nomada modernoek ere kultura bati, herri bati, familia bati lotuak sentitzen dira, non eta ez diren herri batean errotzen eta bertako kulturan integratzen; baina kasu horretan, gu gehienonean bezalaxe, ez lirateke nomadak izango.
Espainian, guadalajardar bati galdetuz gero espainiar baino guadalajar edo guadalajardar soilik sentitzen den, antzarrak perratzera bidaliko zaitu. Bera, Guadalajaran bizi den espainiarra dela esango dizu, gainerakoak atzerritarrak dira eta kito. Argi ditu gauzak, berea baita naturala. Hizkuntzez euskaldunak eta hiritartasunez nafarrak garenok ere garbi ditugu gauzak. Antza, Euskal Herrian bizi diren espainiarrek eta frantsesek, ordea, ez. Guadalajaran bezalaxe, Euskal Herrian bizi diren espainiar-frantsesak direla onartuz gero, hemen atzerritarrak liratekeela onartu beharko lukete eta. Horregatik, nahastu egiten dute identitatea eta nazionalitatea. Nazionalitatea eska daiteke, eman daiteke, inposa daiteke…, baina identitatea sekula ez.
Azter dezagun orain, zertan den ezberdina gudalajardarren eta nafarraren egoera. Hizkuntzaz, kulturaz, identitatez… ezberdinak izanik, guadalajardarrari estatuak bermatzen eta babesten dio bere identitatearen garapena, nafarroi, aitzitik, ez. Lehen bagenuen horretarako nafar estatu propioa, orain, ordea, ez. Hain erabakigarria al da, bada, estatu propio izatea? Ezin al du estatu berak bi, hiru identitate bermatu? Munduko beste lekuetan ez dakit, baina, guri NANa inposatzen diguten estatu hauek, bederen, ez. Zalantzarik baldin baduzu, irakur ezazu gure herriaren historia.
Somos un conjunto de personas y colectivos, que vivimos en Vitoria-Gasteiz, y nos organizamos para actuar contra los efectos de la llamada Directiva Comunitaria de Retorno, popularmente conocida como "directiva de la verguenza".
Añade un comentario