Hitz beste Berrian argitatutako Anjel Lertxundi-ren zutabea Iraultza frantsesak aldarrikatutako printzipio ezagunak (Liberté, egalité, fraternité) alderatzen badituzu Vichyko gobernuak aldarrikatu zituenekin (Travail, famille, patrie), uste baino errazagoa gertatuko zaizu Sarkozy kokatzea ideologikoki. Aldarri bata zein bestea ispilu gardenak dira nork bere burua non ikusi nahi lukeen erabakitzeko; bi aldarrien arteko hautamena oso praktika pedagogikoa da auzi sozialetan noren alde egin erabakitzeko orduan ere. Adibidez, ijitoei buruzko debatean.

Oriotarroi ijitoak deitzen digute, irain moduan askotan. Deituraren zergatiaz entzun ditudan argibide ugarien artean, ederrena guztiz bat dator iraultza frantsesaren aldarriarekin: inguruko herrietan inork ijitorik nahi izaten ez, eta Orion ematen omen zitzaien beren kanpamenduak eraikitzeko aukera.

Ez dakit horregatik garen ijitoak, baina hala balitz, iraina lore bihurtzen zaigu.