Number of View: 327

Mesedez bidali zuen atxikimendua honako helbide honetara: jovenesapoyomutuo@gmail.com

Gure Green Capital zoragarria den Vitoria-Gasteiz hirian, Arabako Foru Aldundiaren esku dauden zentroetan zeuden adingabeak kale gorrian uzten ari dira abenduaren hasieratik, instituzio honen ustez gazteek 18 urte bete dituztelako.

Janaririk gabe eta lo egiteko lekurik gabe, Aldundiaren menpeko “Harrera etxeetako” hezitzaileek furgonetetan eramaten dituzte bere ondasun eskasekin batera Udaletxearen Larrialdi Zerbitzuetara. Kasu askotan, azken hauek kalean uzten dituzte inolako etxebizitza edo gutxienez aldi baterako janaria izan dezaten alternatibarik eskaini gabe.

Izan ere egoera hau salatzen dugunok, gazte hauekiko Elkartasunerako Arabako Plataforma osatzen dugu, eta asteak daramatzagu behin-behineko neurri gisa gure etxeetan ostatua eskainiz eta gure poltsikoetatik dirua jartzen. Hau dena kalean lo egin behar ez dezaten eta jatekorik gabe egon ez daitezen.

Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoak, bere hirugarren artikuluan, argi eta garbi zehazten ditu botere publikoen jarduerarentzako neurri zein printzipio gidariak. Lege honek oso argi uzten du 2.a. atalean administrazio eskudunen ardura dela, kasu honetan Arabako Foru Aldundiarena, gizarteratze ibilbide baten bidez jende honen integrazio soziala bermatzea. Ondorioz, foru erakunde honek gazteak zentro hauetatik kanporatuz erabateko txirotasunera kondenatzen dituenean, argi ikusten da adin nagusitasuna eskuratu ostean gazte hauek dituzten oinarrizko eskubideak bermatzeko legeak ematen dizkion arduren utzikeria gertatzen ari dela.

Gure ustetan politika honek helburu bakar batekin dator bat: adingabekoen harrera eskaera handitzen denean, aurretik gertatu izan den moduan, administrazioak arreta berezia behar duen biztanleria erabat gutxitzeko beharrezko neurriak ezartzen ditu. Nola ez, administrazioari bost axola zaio gazte hauen oinarrizko giza-eskubideekiko errespetua, ez eta zentro hauetan hezitzaile gisa diharduten arabarrak lan baldintza kaxkarretan aritzea edota ezer esan edo egin ahal izan gabe kaleratuak izatea.

Gaur Afrikatik pateran etorri zirenean bizirik ateratzea lortu zuten gazte hauek dira kale gorrian geratzen direnak, laguntza-zerbitzuetan lan egin ahal izateko ikasten aritu diren gure seme-alabekin batera. Bihar, ordea, zeintzuei tokatuko zaigu kalean lo egin eta karitate bidez jatekoa bilatu behar izatea? Badirudi egoera hauek gertatzea erraztu duten horiek “krisi ekonomikoaren” ondorioek ez dituela gehiegi kezkatzen, ez eta krisiak sortu duen kaos soziala ere. Honekin salatu nahi ditugun ondorioak oso larriak dira, euren legalitate bera ere zalantzan jartzen dutelako, eta horretaz gain, giza-eskubideen tratu duina ahalbidetzen dituzten nazioarteko akordioak zein haurtzaro eta gaztaro zaurgarrien babesa eta tratu txarren zein abandonatzearen debekuak urratzen dituztelako.

Horregatik guztiagatik, gizarte guztiari zein eskudunak diren erakunde guztiei, Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udaletxea, Arabako Adingabekoen Fiskaltza, Arartekoa, Sindikoa, Partidu politikoak, sindikatuak eta gainontzeko gizarte-eragile eskudunei deialdia luzatu nahi dizuegu: dokumentu honen bidez salatzen dugun larrialdi humanitario egoera eta antzekoak ekidin daitezen premiazko neurriak hartzeko deialdia, alegia.

Zentzu honetan, agiri publiko honekiko atxikimendua eskatu nahi dizuegu. Argibide dokumentu bat gehitzen dizuegu aurrekariak ulertu eta hemen salatzen dugunaren informazio gehiago topa dezazuen. Mesedez bidali zuen atxikimendua honako helbide honetara: jovenesapoyomutuo@gmail.com

Dokumentoa:  Relación de los acontecimientos

Bideo: Menores extranjeros desprotegidos